2011-02-14

webzorroa

Laket dut azken orduan lanak egitea...

Balentin santuaren egun honek ez dit burura ekarri inori loreak edo bonboiak erosi beharra, ez. Niri gogorarazi didana da Correarekin azken klasean, porfolioa egiteko epea eztabaidatzen, maitaleen egun hau aitatu genuela. Ez dakit epea oso itxia ote zen, baina bada ezpada lehenbaitlehen utzi nahi izan dut, aspaldi egin nezakeen posta. Kontua da, porfolioa eskegi baino lehen, preziko lantxoa eskegi nahi nuela, eta harek atzeratu dit dena!

Dena dela, hementxe nire webzorroa:

1.- Teknografia
Hasiera interesgarria teknologia berrien ekarpen handienari sarrera egiteko: hezkuntzaren berrikuntza. Hots, eskemak apurtu beharra eta berriak sortu.

Nire teknografia egitearekin, ni neu kokatu nintzen. Kokatu ikasgaiean, masterrean, 2010ean eta neure 28 urteetan. Oso baliagarria izan zitzaidan ariketa eta teknografiaren azalpena egin nuelarik, asetuta gelditu nintzen, biluzik denen aurrean.

2.- Bloga
Interneten bidez denbora luzea daramat lanean. Oso ohituta nago pantailari so atzamarrak dantzatzen. Gainera, idaztea gustoko dut, genero guztietan, eta gogoa izan dut nire lantxoak jendeari erakusteko, argazkiak besteak beste. Eta hala eta guztiz ere, 2010eko urrira arte ez dut bloga bezalako tresna bat erabili!!!... beti ikasten da zerbait...

Hasieratik erabaki nuen, izena jarri nion momentutik, blogean nire masterrarekiko ibilbidea azaltzea, urratsez urrats. Hala, psikodidaktikan lur hartzearen metaforarekin hainbat sarrera idatzi ditut, nahiz ta gehienetan kontsumo propiorako izan diren.

3.- Tresna berriak
Bloga ez da ezagutu dudan tresna berri bakarra; ezta gutxiago ere! Google-ren aplikazio ugari erabili izan baditut ere, mapa kontzeptualak eraikitzeko bubbl-a oso ondo etorri zitzaidan gabonetan osatu nuen mapa kontzeptuala irudikatzeko.

Esan gabe doa, hilabeteotan egin behar izan ditudan "ekimen elektroniko" gehienetan loturak, embebed-ak, link-ak eta antzeko urrats errazak ia guztiz barneratu ditudala ikasgai honen bidez egin behar izan dugun praktikan. Besteak beste, galdetegi bat osatu behar izan dut nire ohiko lanean eta berehala nuen galdetegia 100 bat pertsonen artean zabalduta. Hori bai, oraindik orain, ez dira gehiegi izan erantzun dutenak...

Tresnak tresna, esan beharra dut, osatuen utzi nauena azken sarrera izan dela; aspaldi topatu dudan tresna erraz, dibertigarri eta erabilgarriaenarekin egindako aurkezpentxoa; PREZI aurkezpenak! Gabonetako mapa kontzeptualak izan ditu bere fruituak...

4.- Kontzeptu berriak
Dena dela, teknologia berriek derrigor ideia berriak dakartzatenez, hezkuntzaren berrikuntzaren inguruko ikaspenak izan dira ikasgai honetan atentzioa gehien deitu didatenak.
Eskoletako esperientzia ezberdinak aipatuz, moodle guztia hiperbinkulatu nezake! Amaraberriko esperientzia oso interesgarria iruditu zait, baina esanguratsuena, arto-lapurraren ipuina gertatu zait. Izan ere, teknologia oinarrizkoa nahikoa da gauzak beste era batera egiteko aitzakia izateko.
Honekin batera, proposatu diren irakurgaiak ere interesgarriak izan dira, batez ere Juana Sanchoren Del TIC al TAC, el difícil tránsito de una vocal bere izenak dena esaten baitu!

5.- Eta ikerketa berriak!
Azkenik, eta “nire lana masterrean” lanarekin lotuta, ikerlari bezala dagokigun lanari erreparatu nahi diot. Zehazki ikasgai honek ikertzaileentzako duen esanahiari. Artikulu honetan sakontzean, ohartu nintzen zelako ikerketa mota proposatzen den egun eta guztiz bat egiten dut ikerketa mota honi balio “zientifikorik” ez kentzearekin.
Hain interesgarria suertatu zait ezen beste erreferentzia bat eskuan hartuta, Anderson eta Garrisonen “e-learning del siglo XXI” liburua, EIKASIko foroetan ikasleen artean eman d(ir)en diskurtsoa(k) aztertzeko asmoa dudala denborak atseden bat ematen didanean! Pragmatismoak ekainerako MAL zehatz bat egitera banarama ere, nire prestutasuna mota honetako lanetan dagoela ziur naiz.
Hala, eta har dadila hauxe ondorio gisa, ez noa agur, gero arte baizik!

nire lana masterrean

Ni ere konbentzitzen nau

Sir Ken Robonsonek esposaketa honekin bat egiten dut guztiz, batez ere etorkizun hurbilaren gaineko ezjakintasun egoera honetan eskolaren funtzioaz egiten duen irakurketaz. Blankaren blogean ikusi dut eta gogoratu ted.com atarian oso komunikazio interesgarriak daudela.


A mí también me convence
Comparto completamente la esposición de Sir Ken Robinson, sobre todo su lectura sobre la función de la escuela en el momento actual de desconocimiento sobre el futúro próximo. Lo he visto en el blog de Blanka y me ha recordado que en el portal ted.com hay muchas comunicaciones interesantes.